XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

LEHEN KAPITULUA: HELBURUAK ETA PRINTZIPIOAK. Lehen artikulua

Nazione Batuen helburuak hauk dira: 1- Bakearen atxikitzea....

2- Nazionen artean adiskidantzazko har-emanen hedatzea, oinarritzat hartuz printzipio hauk: HERRIAK ESKUBIDEZ BERDINAK DIRELA ETA BEREN BURUAREN JABE IZAITEKO ZUZENA BADUTELA...

4) Nazione huni zor zaizkigun eskubide horiek, historian barna ukatu ditu frantses eta espainol Estatuen haundi-maundikeriak.

Euskal-herri osoan, euskal kulturari gerla egin diote, bai eta beti egiten.

Eskola ofizialetan ez da onartua euskara; berri-bidetarik baztertua dago, edo kasik, eta administrazionean osoki arrotz.

Euskal herriari bere kultura bortxaz eta apailatuki kentzen diote beraz frantses eta espainol Estatuek, beren kultura ofizialaren abantailetan.

Gisa desberdinetan, ipar Euskal-Herria eta hego Euskal-Herria kapitalista baliatzearen peko emanak dira.

Baliatze hori, ipar aldean kolonia batean bezala agertzen da: - ekaiak kanpora saltzen dira. - lan egileak halaber, ofiziorik gabe. - irabazi txarrak. - arbasoen ganikako lurrak eskuratzen dituzte arrotz aberats batzuek, etabar....

Hego Euskal-Herria harrapaka xurgatzen du kapitalisma basa batek, espainol Estatuaren esku-makila fazistari bermatuz.

Beraz euskaldun bezala eta lan egile bezala zapaldurik daude euskal herritar gutiz gehienak.

5) Ikusi ditugun errealitate horiek berek finkatzen dituzte euskal herriaren alde ari nahi duen politika mugimendu baten helburuak: - euskaldunen eskubide nazionalak ezagutu behar dira eta euskal herriak, berriz baturik, eskubide horiez gozatzeko behar duen gobernua ardietsi.

- baliatze kapitalista geldiarazi.

6) Euskal herriak, nazione ttipi ala haundi guziek bezala, politikan, bizipidetan eta kulturan bere dretxoen jabe daiteken batasun baten eraikitzeko zuzena badu.

Bizpahirur ihardespen mota asma daitezke: a) Euskal Estatu bat osoki bere gain, frantses eta espainol Estatuetarik bereizia.

Zazpi probintziak elgarretara dezazken euskal Estatu bat, Nazione Batuetan partzuer dauden erresuma zenbaitzu baino gehiagokoa laite, bai hedaduraz, bai bizipidez.

Bainan ihardespen hau ez daite izan urrats bat baizik, ezen neholaz ere kapitalismaren uzkailtzea ez du segurtatzen.

Gainera, Europa kapitalista batean, euskal Estatu sozialista bat nekez asma daite.

b) Europa sozialista bat, egiazko herriartegoa bat obra lezakena, erran nahi baita nazione haundien izaitea bezala, ttipiena errespeta lezakena.